Sopelako Ander Deuna Ikastola k Nikola Telleria omenduko du ekainaren 6an, bere ibilbidea eta euskararen aldeko borroka gogora ekarriz. Omenaldia 12:00etan hasiko da ikastolan bertan, eta agurraren ostean Apaiz Gartzela dokumentalaren pasarteak proiektatuko dituzte. Gainera, Xabier Amuriza eta Ritxi Lizartza gonbidatu izango dira. Ikasleen ekoizpenek ere lekua izango dute, eta amaieran lore eskaintza egingo dute monolitoan.
Nikola Telleria (Nabarniz, 1916 – Sopela, 1975) Sopelako apaiza, gau-eskolan euskarako irakaslea eta Ander Deuna Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. Zamorako espetxean egon zen eta euskararen eta eskubideen aldeko borrokan nabarmendu zen. Ikastolak haren ibilbidea gogoratuko du, "izan zirelako izango gara" mezua ardatz hartuta.
Omenaldiaz gain, Udaberriko Jaiak egitarau zabala izango du egun osoan zehar. Goizean, 10:00etan LH eta BHko kirol ekintzek zabalduko dute festa, eta 11:00etan HHkoentzako herri kirolak izango dira. 12:30ean pandero kalejira abiatuko da.
Arratsaldean, umeen bazkaria (13:45) eta ondoren magoaren emanaldia izango da. Helduen bazkaria 14:45ean hasiko da, eta ondoren bertsoak eta bingo musikatu antolatu dituzte, ikastolako zozketagaz batera. 16:30ean ur-jolasak eta 17:00etan musika izango dira, eta 21:00etan emango diote amaiera jaiari.
Bazkarietarako txartelak ikastolako bulegoan egongo dira salgai. Antolatzaileek etxetik edalontzia eramateko eskatu dute.




