Beroak baldintzatu du V. Trikuharri mendi lasterketa Amasa-Villabonan

Ander Iñarra eta Leire Elola nagusitu dira 24 kilometrokoan, eta Josu Urrestarazu eta Rebeca Mariño 12 kilometrokoan, bero handiaren erdian.

Korrikalari bat helmuga zeharkatzen ari da Euskal Herriko haran batean, izerdia nabari zaiola, mendi berdeak eta arkitektura tradizionala atzealdean.
IA

Korrikalari bat helmuga zeharkatzen ari da Euskal Herriko haran batean, izerdia nabari zaiola, mendi berdeak eta arkitektura tradizionala atzealdean.

Amasa-Villabonan jokatu da gaur V. Trikuharri mendi lasterketa, bero itogarriak baldintzatutako jardunaldian. Errebote plazatik abiatu eta bertan amaitu dituzte 12 eta 24 kilometroko probak ehunka korrikalarik.

Antolatzaileek 500 parte-hartzaile inguru espero bazituzten ere, izena emandako guztiek ez dute azkenean irteera hartu; azken egunetako beroaldiak izan du, ziurrenik, horretan zerikusirik. Helmugan ere nabarmen igarri da beroaren eragina. Korrikalariak irribarrez iritsi dira, baina izerdi patsetan, eta ikusleek ere itzalpean bilatu dute babesa. Errebote plazako itzal guztiak bete dira lasterkariak iristen hasi direnean, eta eguzki bete-betean geratzen zen eremua, aldiz, ia hutsik egon da.
24 kilometroko lasterketa luzean, Ander Iñarra Olaziregi lezotarra izan da garailea, 2.04.11ko denborarekin. Bigarren postuan sailkatu da Hodei Lujanbio Apezetxea goizuetarra (2.05.36), eta hirugarren Josu Uribarren arrasatearra (2.12.08). Emakumezkoetan, Leire Elola Izagirre tolosarra izan da azkarrena, 2.39.43ko markarekin. Bigarren helmugaratu da Irati Larrañaga usurbildarra (2.41.19), eta hirugarren Ines Moreno Sanchez altsasuarra (2.46.19).
Aurtengo beroak nabarmen baldintzatu ditu kronometroak. Gizonezkoetan, iazko proban Aritz Egeak ezarritako 2:00:19ko marka lau minutu inguruan geratu da urrun; Ander Iñarrak lau minutu gehiago behar izan ditu garaipena lortzeko. Emakumezkoetan ere antzeko joera izan da: Ainhoa Garikanok iaz 2:31:56ko denbora egin zuen, eta aurten Leire Elolak zortzi minutu gehiago behar izan ditu helmuga zeharkatzeko.
12 kilometroko proban, Josu Urrestarazu Garcia izan da garailea 54 minutu eta 12 segundoko denborarekin. Duela hamabost egun T2T txapelketa irabazi ondoren, beste garaipen bat gehitu dio bere palmaresean. Bigarren izan da Jokin Tolosa Zabala anoetarra (54.51), eta hirugarren Eneko Garin Arrastoa billabonatarra (56.03). Emakumezkoetan, Rebeca Mariño Torrado elbetetarrak irabazi du 47.46ko denborarekin. Podiuma osatu dute Jule Olaizola Amilibia zumaiarrak (48.17) eta Maria Arrieta Lopez elgoibartarrak (1.12.20).
Bi ibilbideak mendi ingurune ikusgarrian osatu dira. Lasterketa motzak 12 kilometroko ibilbidea izan du, Onddolar tontorrera igo eta jaitsiz. Lasterketa luzeak, berriz, 24 kilometroko ibilbidea osatu du: Onddolarretik Belabietara, handik Loatzora, ondoren Uzturrera, berriro Loatzotik igaro eta Amasa-Villabonara itzuliz. Proba luzea 09:30ean abiatu da, eta motza 09:45ean.
Lasterketaren amaieran, babesleek eskainitako sarien zozketa egin dute dortsalen artean. Hauek izan dira saridunak: 12. dortsala (Gihar Fisio), 202. dortsala (Osakin), 234. dortsala (Eizmendi), 391. dortsala (Osakin), eta 512. dortsala (Gihar Fisio). Jardunaldiak arratsaldean izango du jarraipena; Trikuharri mendi lasterketaren antolatzaileek Black Smoke taldearen kontzertua antolatu dute Errebote plazan, 19:00etatik aurrera.