Sei kirolari ariko dira buruz buru finalean, eta horietatik bi Urola Kostakoak dira: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, bosgarren txapelaren bila; eta Xabat Olaizola zarauztarra, lehendabiziko txapelaren bila. Haiekin batera izango dira Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa), Beñat Telleria mutiloarra (Gipuzkoa), Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra (Bizkaia) eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra. Finalaren aurkezpena atzo arratsaldean egin zen zezen plazan bertan.
Sei kirolariek hainbat lan egin beharko dituzte: 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin giza proban, hiru kanaerdiko ebaki aizkoran, 50 kiloko txingekin sei plaza egin txingetan, eta, azkenik, hiru kilometro korrika zezen plazari bueltaka.
Finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko Entradium.com eta Euskatloia.com webguneetan, 35 euroan. Larunbatean bertan ere erosi ahal izango dira zezen plazako leihatilan, 20:00etatik aurrera. Ateak 21:00etan zabalduko dituzte, eta ordubete lehenago Goiko DJ zumaiarrak girotuko du ekitaldia. Lehiari ekin aurretik, duela gutxi hil zen Oihane Mateos kazetariari omenaldia egingo diote, "Euskal Pentatloiaren alde eta kirolaren alde egin duen lanagatik".
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak bere bosgarren txapelaren alde egingo duela ziurtatu zuen, aurkarien presioa nabarmenduz. "Badakit mundu guztia niri begira egongo dela eta baita niri txapela kentzeko zain ere, hori izaten da txapeldunaren legea", adierazi zuen. Hala ere, lanak ondo eginda datozela eta inoiz baino sasoi puntu hobean dagoela azpimarratu zuen: "Gauzak ondo egiten baditut, lanak izango dituzte niri txapela kentzen".
Aiarrak iazko lesioa erabat gaindituta duela esan zuen, neguan lan handia eginda. "Udako txakalaldi bat izan nuen, baina buelta eman diot eta ez naiz inoiz orain bezain ondo egon", aitortu zuen. Lau txapelekin gustura egon arren, bosgarrenaren bila doa, eta bere lagun Alex Aizpuru Etxaun omendu nahi du garaipenarekin.
Bestalde, Xabat Olaizolak ez du Izetari txapela erraz irabazten utziko. Zarauztarrak motibazioz gainezka dagoela adierazi zuen, eta beti bigarren gelditzeaz nazkatuta, txapela du helburu. "Urtebeteko etenaldiak kalterik gutxien egin dion kirolaria ni naizela uste dut, aizkorako eta harri jasotzeko txapelketetan jarraitu baitut", azaldu zuen.
Olaizolak garaipen gosez datorrela nabarmendu zuen: "Bigarren mailan bigarren egin nuen, lehenengo mailan bigarren egin nuen... beraz, txapelaren bila nator oraingoan". Bere ustez, lanak behar bezala eginez gero, "karta dezente ditu bere alde" txapela eskuratzeko.




