Azken hilabeteetan lehiatzen aritu ondoren, larunbat honetan, apirilak 19, iritsiko da 27. Aiztondo Pilota Topaketaren amaiera. Asteasuko Usarrabi pilotalekuak hartuko ditu azken partidak, non eskuz binakako lau final jokatuko diren, aurre-benjaminetatik infantiletara.
Edizio honetan, hainbat pilota eskoletako neska-mutilek parte hartu dute, besteak beste, Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Taldekoek, Adunako Txulobikoek, Zizurkilgo Ziotzakoek, Asteasuko Atzaparrekoek, eta Alkiza eta Larraulgo pilota eskoletako ordezkariek. Finalak 16:00etan hasiko dira, aurre-benjaminen partidarekin.
Lehenengo finalean, Amasa-Villabonako Arrastoa eta Arroyo bikoteak Alkizako Sansinena eta Aranzaberen aurka neurtuko dira. Jarraian, benjamin mailako finalean, Adunako Aburuza eta Elolak Alkizako San Sebastián eta Eizmendi izango dituzte aurkari. Alebin mailan, Alkizako Sansinena eta Agirrezabalak Amasa-Villabonako Queralt eta Traoreren aurka jokatuko dute. Azkenik, infantil mailan, lau herrietako ordezkaritza izango da: Alkiza eta Asteasuko Urruzola eta Letxundik Zizurkil eta Adunako Ibarbia eta Barriolaren aurka jokatuko dute.
Pilota jaialdiaren amaieran, parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo dituzte. Antolatzaileek giro ederra espero dute bost finaletan, Topaketan parte hartu duten pilotari eta haien familien presentziarekin. Horregatik, bailarako zaletuak ere gonbidatu dituzte ekitaldira.




