Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak instalazioak bisitatu ditu Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordearekin, Antonio López Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusiarekin eta Yon Pérez Euskotreneko zuzendari nagusiaren albokoarekin batera. ETSk gaur egun azken lanak egiten ari den atari berrian eta lurpean luzatu den nasa-tartean ibili dira.
Atari berrian balioztapen-makinak eta txartelak saltzeko makinak instalatzen ari dira, baita eskailerekin batera nasetara sartzeko aukera emango duten igogailuak probatzen ere. Obrak konplexuak izan dira, ohiko trenbide-zerbitzuarekin batera egin behar izan direlako, erabiltzaileen mugikortasuna bermatzeko. Atariak beirazko fatxada eta hormigoizko estalkia ditu, eta kanpoko estaldura birziklagarria eta bandalismoaren aurkako materialez egindako baldosek osatzen dute, ekonomia zirkularra sustatzeko eta mantentze-kostuak murrizteko helburuarekin.
Atari berria eta zaharra batera egongo dira zabalik urriaren 12ra arte. Ondoren, zaharra itxi egingo da, berritzeko lanak egiteko. Fase berri honetan, atari zaharra itxita egongo da, Real Sociedad taldeak jokatzen duenean edo inguruan jende asko erakartzen duten ekitaldiak antolatzen direnean izan ezik. Kasu horietan, terminal zaharra ekitaldia baino bi ordu lehenago irekiko da eta bi ordu geroago arte egongo da zabalik.
Susana García Chueca sailburuak nabarmendu duenez, “obra honen helburu nagusia partidetan eta ekitaldietan jendearen joan-etorria erraztea da, Anoetara joaten diren herritarren segurtasun- eta erosotasun-baldintzak hobetuta”. Anoeta da Topoaren erabiltzaile gehien dituen bigarren geltokia, iaz ia 3.000.000 baliogabetze izan baitzituen, eta atari berriak 400 metro karratuko azalera du, egungoaren 380ez gain.
Bi atarien erabilera bateratua partida eta ekitaldi handien egunetan egingo da. Real Sociedad taldearen partidetara eta ekitaldi handietara joateko Topoa erabiltzen dutenek urriaren 11tik aurrera martxan jarriko den mugitzeko modu berria izango dute. Trenaren norabidearen arabera, erabiltzaileek atari berria (Hendaia aldera), atari zaharra (Lasarte-Oriarako trenentzat) edo Gasca aldeko sarbidea (Zumaia aldera) erabili beharko dute.
Egindako lanen artean, sarbide berriak konpentsatzeko espazioak irabazi zaizkio ibilgailu-trafikoari, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak eremuan ekarri duen trafiko-murrizketa aprobetxatuta. Horren ondorioz, hiri-berroneratzeko jarduketa garrantzitsua egin da inguruan, mugikortasun aktiboa sustatzeari lotuta. Obren lehen faseetan inguruko bideak Donostiako Udalaren irizpideen arabera berrantolatu ziren. Ondoren, zerbitzuak desbideratu ziren eta estaldura-lauza eraiki zen. Altzariak eta argiztapena ere ordeztu dira, segurtasun eta garbitasun handiagoa transmititzeko.
Azpiegitura berria bat dator “Altza-Galtzaraborda tartea duela gutxi irekita eta, azaroaren 21ean, Donostiako erdigunean Topoaren igarobidea irekita Gipuzkoak bizi izango duen garraio-iraultzarekin”, azpimarratu du sailburuak. “Azken batean, kontua herritarrak garraio publikoa hartzera eta autoa etxean uztera animatuko dituzten azpiegitura lehiakorrak eta eraginkorrak eraikitzea da”.




