Ugaoko Udalak bere jai-egitarau ofiziala aurkeztu du, Ekaitz Mentxaka alkateak eta Jai Batzordeko ordezkariek gidatuta. Aurten, Bizi Muina Elkartea eta gaixotasun arraroekin bizi diren Ugaoko familiak izango dira protagonista nagusiak.
Bizi Muina Elkartea ko kideek, Joseba Urrutikoetxea k eta Arkaitz Santamaria k, irakurriko dute pregoia. Elkarte honek hezur-muina ematearen garrantziaz sentsibilizatzeko lan egiten du, eta bere kideen artean hezur-muinaren transplantea jaso duten Ugaoko bizilagunak daude. Santamariak bere poza adierazi du: “Pentsaezina izan da gu gonbidatu izana. Poz-pozik gaude”.
Bestalde, gaixotasun arraroekin bizi diren senideak dituzten Ugaoko familiak arduratuko dira jai-amaierako Bolari bira emateaz.
Aurtengo nobedadeen artean, jai-amaierarako trakarik ez egotea nabarmendu du alkateak, autismoa duten pertsonei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, Puntu Morea Gaztelekura lekualdatuko dute, lantalde profesional batek balizko erasoen aurrean arreta eskaintzeko.
Mentxakaren arabera, bederatzi egun hauetan 70 jarduera baino gehiago izango dira, kultura, musika, gastronomia eta kirola uztartuz, adin guztientzako pentsatuta. Egitaraua Jai Batzordearen, elkarteen eta herritarren lanari esker osatu da.
Egitarauak kale animazioa, antzezlanak, umeentzako ekintzak, indaba jana, omenaldiak, txapelketa gastronomikoak eta kontzertuak biltzen ditu, besteak beste.
Bestalde, Ugaoko Udalak NAN eta pasaportea berritzeko bulego mugikorra jarriko du berriro ere. Zerbitzua irailaren 30ean, urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 28an egongo da eskuragarri Herriaren Enparantzan. Herritarrek aurrez aurre edo telefono bidez eman beharko dute izena.
Gainera, Argiñe Ceballos Gelozaga ugaotarraren ‘Silver Panty’ argazki-proiektua 2026 Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltarian aurkeztuko da, azaroaren 6tik 29ra Basauriko Arizko Dorretxean.




