Smartlog Ointxek Bilboko 3x3 txapelketa irabazi du

Arrasateko taldeak garaipen berri bat lortu du Bilbon jokatutako 3x3 txapelketan, emakumezko zein gizonezko junior mailetan.

Irudi generikoa garaipen bat ospatzen.
IA

Irudi generikoa garaipen bat ospatzen.

Smartlog Ointxek beste 3x3 txapelketa bat irabazi du asteburu honetan Bilbon, aurretik Valentziako txapelketa eskuratu ostean.

Smartlog Ointxek garaipen berri bat eskuratu du asteburu honetan, Bilbon jokatutako 3x3 txapelketa irabaziz. Valentziako txapelketa irabazi ostean, Arrasateko taldeak bere nagusitasuna berretsi du saskibaloi modalitate honetan. Irene Murua, Izar Bedia, Lara Gonzalez eta Uxue Etxartek osatutako taldeak zapatuan jokatu zuen multzokako fasea. Las Rozas taldeari galdu ondoren, Bilbao Miners White garaitu zuten final-laurdenetara igaroz. Valentzia Basketen aurka ere nagusitu ziren partida sendo baten ostean (14-10), eta domekako final-erdietara sailkatu ziren.
Igandean, Bilbao Miners Black izan zuten aurkari final-erdietan. Norgehiagoka fisiko eta serioa jokatu ondoren, 16-12ko emaitzarekin garaipena lortu eta final handirako txartela eskuratu zuten. Finalean, Valladolid taldeari 15-12 irabazita, txapelketa eskuratu zuten Arrasateko neskek.
Gizonezko junior taldeak ere txapela jantzi zuen Bilbon. Danel Perez, Lander Martinez, Iker Regodesebes eta Jairo Godoyk osatutako taldeak ere garaipena lortu zuen, horrela, Bilbon parte hartu zuten hiru taldeetatik bik txapelketa irabaztea lortu zuen Ointxek.
Gizonezko senior taldeak, aldiz, ezin izan zuen multzokako fasea gainditu. Andoni Atxa, Ekaitz Madinabeitia, Mikel Olaizola eta Iñaki Eraunzetamurgilek osatutako taldeak lehia serioa egin zuen, baina Pando Mataro (9-11) eta Milan U23 (9-21) taldeen aurka galdu ondoren, eta Bilbao Miners Black taldeari irabazi (21-12) arren, ez zen sailkatu hurrengo fasera.