Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek aise irabazi dute Espainiako Traineru Txapelketa asteburuan Meiran (Galizia) jokatu den finalean, 19:53;75ko denborarekin. Bigarren sailkatu da Donostiarra (20:06;51), eta hirugarren Zierbena (20:12;07) izan da. Laugarren postuan amaitu du Cabo da Cruzek (20:50;59).
Hasiera-hasieratik lehia estua izan da Orioren eta Donostiarraren artean, baina lehenengo ziabogan oriotarrek aurrea hartzea lortu dute. Bigarren ziabogarako, 7 segundoko aldea ateratzen zioten donostiarrei. Zierbena ere gogor aritu da, segundo gutxigatik sailkatu baita Donostiarraren atzetik.
Oriok, 20 minututik jaitsi den ontzi bakarra izanik, bere 17. garaipena eskuratu du Espainiako Txapelketan. Eusko Label Liga hasteko bi aste falta direnean, argi utzi du aurkari gogorra izango dela aurtengo denboraldian.




