Aurtengo deialdiak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: euskal dantza eta musika koraleko elkarteentzat berariazko laguntza bat sortu da, jantzi artistikoak eskuratzeko. Horrez gain, ohiko dirulaguntzen barruan, beste lerro berri bat gehitu da, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren jardueren mugikortasun-gastuak ordaintzeko.
Ohiko dirulaguntzek 179.000 euroko aurrekontua izango dute, eta horien helburua Getxoko irabazi asmorik gabeko kultur elkarteen jarduera babestea da. Zehazki, 2026 an zehar egingo dituzten ohiko programak, ekitaldiak eta jarduerak finantzatzeko balioko dute. Baldintza nagusia elkarteek Getxon egoitza izatea eta dagokion erregistro ofizialetan inskribatuta egotea da.
Jantzi artistikoetarako dirulaguntza, 35.000 eurokoa, abesbatzei eta euskal dantza taldeei zuzenduta dago, ondare immateriala babestu eta zabaltzeko asmoz. Kasu honetan, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra egindako erosketak finantzatu ahal izango dira.
Eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Getxo Kulturaren egoitza elektronikoaren bidez. Interesdunek oinarri guztiak eta xehetasunak kontsultatu ditzakete udalaren webgunean, eta kontuan izan behar dute epea ekainaren 8an amaituko dela.
Laguntza jasotzen duten elkarteek gastuak behar bezala justifikatu beharko dituzte. Dirulaguntza handienen kasuan (36.000 eurotik gorakoak), faktura guztiak aurkeztu beharko dira; gainerakoetan, gastuen zerrenda zehatza eta gutxienez emandako laguntzaren %10aren justifikazioa eskatuko da. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2027ko urtarrilaren 31 izango da.




