Bilboko Hezkuntza Fakultatean, Nahia Idoiaga eta Idoia Legorburu ikertzaileek EmTech4HE proiektu europarraren emaitzak aurkeztu dituzte, irakasleen prestakuntza hobetzeko helburuarekin. Proiektu hau, Erasmus+ programaren barruan garatua, teknologia berriak irakaskuntzan modu egoki, kritiko eta pedagogikoan integratzea du helburu.
Jardunaldian, Carlos de Aldama Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak hitzaldi bat eman du teknologia berrien erabileraren ikuspegi pedagogikoari buruz. Era berean, esperientzien trukea eta eztabaida sustatu dira irakasleen artean.
Lan honen emaitza gisa, adimen artifizialari eta errealitate hedatuari buruzko 19 formazio-modulu garatu dira. Material hauek unibertsitateko irakasleentzat dira eta malgutasunez erabili ahal izango dira, irakasle bakoitzak bere erritmoan eta beharren arabera ikasteko aukera izan dezan. Moduluak proiektuaren webgunean egongo dira eskuragarri.
Formazioak teoria baino gehiago eskaintzen du: jarduera praktikoak, autoebaluazio ariketak, tresna digitalak, erabilera adibideak eta osagarrizko irakurketak biltzen dituzte. Helburua da irakasleek eskuratutako ezagutzak eguneroko praktikan aplikatu ahal izatea.
Nahia Idoiagak azpimarratu duenez, "alde batetik, irakasleen prestakuntzarako baliabide espezifikoak garatu ditugu; bestetik, herrialde ezberdinetako unibertsitateen arteko lankidetza indartu dugu". Gainera, "teknologiaren erabilerak, berez, ez du hezkuntzaren kalitatea bermatzen. Garrantzitsuena ez da tresna berri bat erabiltzea, baizik eta hausnartzea zergatik, nola eta zer baldintzatan erabiltzen dugun. Horregatik, irakasleen prestakuntza eta irizpide pedagogikoak funtsezkoak dira".
Urriaren 14ko jardunaldia EmTech4HE proiektuaren azken emaitzak aurkezteko eta zabaltzeko ekitaldia izan zen. Hala ere, proiektuaren amaierak ez du esan nahi egindako lana bertan behera geratuko denik. Hemendik aurrera, EHUren barruan, eta bereziki Hezkuntza Fakultatean, hausnarketa egin beharko da proiektuan garatutako ezagutzari eta baliabideei zer jarraipen eman erabakitzeko.




