Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI jaialdiak "Gatibu, agur esan barik" dokumentala aurkeztu du, Jabi Elortegik zuzendua eta Pausoka Entertainment-ek ekoitzia. Bertoko Begiradak – Miradas desde Euskadi programaren barruan, filmak Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean mundu mailako estreinaldia izan ondoren iristen da Bilbora.
Dokumentala bihar, asteartea, azaroaren 24an, 20:00etan proiektatuko da Cines Golem Alhóndiga-n. Ostiralean, azaroaren 27an, iritsiko da zinema aretoetara, Atera Films-en banaketarekin.
82 minutuko filmak kontzertuak, artxiboko irudiak eta Gatibuko kideen une intimoak uztartzen ditu. Taldeak 25 urteko ibilbidea, hamaika disko eta 800 kontzertutik gora egin ondoren agur esateko erabakia hartu du. Azken bira da hari gidari, Gernikako taldearen historia errepasatzeko eta kideen etapa ixteari nola aurre egiten dioten ikusteko.
Jabi Elortegi zuzendariak denboraren joana eta musika ibilbide luze batek dakartzan aldaketa pertsonal eta kolektiboak jartzen ditu kontakizunaren erdian. Filmak musikarien heldutasunean eta agertokietatik aldentzeko erabakian jartzen du arreta, jarraitzaileekin eraiki duten harremanean begirada hurbila eskainiz. Bilbok ere badu leku bat istorio horretan, Aste Nagusiko Gatiburen emanaldiak direla medio; orain, ZINEBI-tik igarotzeak ikusleekiko topaketa zinema areto batera eramaten du.




