Cristina González Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak merkataritza tradizionalaren digitalizazioaren aldeko konpromisoa berretsi du Bilbon egindako Digitaltek sarien banaketan. Sailburuak azpimarratu du sektorea "erronka teknologiko eta kontsumo berriei aurre egiteko eraldaketa prozesu batean" laguntzearen garrantzia, "hurbileko merkataritzaren nortasuna eta balioak galdu gabe".
Sailburuak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak merkataritzari zuzendutako baliabideak %15 handituko ditu 2027an. "Merkataritzaren aldeko apustu sendoa eta epe luzekoa egiten jarraituko dugu", adierazi du. "Laguntzak indartu, berrikuntza komertzialeko programak sustatu eta gure hirien eta herrien dinamizazioa bultzatu nahi ditugu".
Gainera, digitalizazioa, jasangarritasun ekologikoa, aldaketa sozio-demografikoak eta erosketa ohituren bilakaera sektorea sakonki eraldatzen ari direla nabarmendu du. "Adimen artifiziala ere erronka berri bat da, lan prozesuak eta enpresa komertzialen jarduera aldatzen ari baita".
“"Merkataritza lokala modernizatu eta eraldaketa honetara egokitu behar da, baina hurbileko merkataritzaren nortasuna, hurbiltasuna, tratua eta aholkularitza ez galduz."
Sailaren egitekoa merkataritza euskalari prozesu honetan laguntzea eta aholkatzea dela azpimarratu du sailburuak, "merkatuaren errealitate berrietara egokitzen lagunduz eta berrikuntza establezimenduentzako aukera bihurtuz".
Azkenik, Digitaltek-eko aurtengo edizioan saritutako enpresak zoriondu ditu, "beren egokitzapen eta bilakaera gaitasuna" azpimarratuz. "Gaur sarituek erakutsi duzue bilakaera hori posible dela. Zoriondu nahi zaituztet berriro ere eraldaketa ezinbesteko horretarako bidean".




