Barakaldoko Udal Merkatua modernizatzeko eta bezeroak fidelizatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak proiektu bat finantzatu du. "Cabinas inteligentes refrigeradas de recogida omnicanal, formación y promoción comercial del mercado municipal de Barakaldo" izeneko ekimenak 35.197,82 €-ko zuzeneko dirulaguntza jasoko du.
Proiektuaren helburua Barakaldoko Udal Merkatua modernizatzea da, kabina adimendun hoztuen sistema bat ezarriz, omnikanaleko bilketa ahalbidetuko duena. Horrez gain, zerbitzuari egokitutako webgune bat, establezimenduentzako prestakuntza programa bat eta komunikazio eta sustapen kanpaina bat ere izango dira. Horrela, hurbileko merkataritzaren lehiakortasuna indartu, bezeroak fidelizatu eta merkatuaren jarduera ekonomikoa dinamizatu nahi da.
Helburu zehatzen artean, merkatuaren barruan kabina adimendun hoztuen sistema bat ezartzea eta martxan jartzea dago, bezeroei ordutegitik kanpo erosketak jasotzeko aukera emango diena. Horrek merkatuaren teknologia-azpiegitura partekatua indartuko du, negozio txikiei online salmenta zerbitzuak eskaintzeko inbertsio-hesi indibiduala murriztuz.
Gainera, zerbitzuari egokitutako webgune bat garatu eta argitaratuko da, atxikitako saltokiak bildu eta jasotzeko prozesua errazteko. Merkatuaren langileek sistema berriaren erabilera, mantentze-lanak eta gorabeheren konponketa ikasteko prestakuntza jasoko dute, bai aurrez aurre bai telematikoki.
Azkenik, kanpaina bat egingo da zerbitzu berria Barakaldo ko eta inguruko herritarrei ezagutarazteko, hedabideak, sare sozialak eta publizitate digitala erabiliz. Eredu hori beste merkatu batzuetan ere aplikagarri izatea bilatzen da.




