Goierriko Zumarraga-Urretxu 1 taldeak eta Bidasoako Txingudi 1 taldeak neurtu zituzten indarrak finalerako txartela eskuratzeko lehian. Manex Mantxola, Mikel Iturrioz eta Antton Fernandez bertsolariek osatzen dute Zumarraga-Urretxu 1 taldea, Leire Akizu gai-jartzailearen eta Jon Mendizabal epailearen laguntzarekin. Txingudi 1 taldea, berriz, Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsolariek, Jon Cia gai-jartzaileak eta Aitor Errazkin epaileak osatu zuten.
50 bat ikusle bildu ziren saio arin eta eder batean, eta azkenean, Goierriko taldeak lortu zuen garaipena. Horrenbestez, Zumarraga-Urretxu 1 taldeak Leintz taldearen aurka jokatuko du finala, maiatzaren 30ean Aiako probalekuan.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketan 57 taldek eman zuten izena aurten. Debagoieneko bost taldek hartu zuten parte, eta horien artean, Leintz taldea (Arrasate-Eskoriatza) izan zen garaile, Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskar bertsolariek, Olatz Zuazubiskar gai-jartzaileak eta Larraitz Trojaola epaileak osatutako taldea.
Leintz taldeak aurrez Eibarko Xarmaginak taldea gainditu zuen Soraluzen, eta azkenik, Azpeitiko Zaharrak Berri taldearen aurka irabazi zuen Oñatin finalerako txartela eskuratzeko.




