Maiatzeko lehen asteburuan hasi zen txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako modalitateetan. Zegama izan da lehen kanporaketa gainditu duen herri bakarra, Antzuola ren aurka lortutako garaipenari esker. Zegaman kadete eta gazte mailako partidak irabazi zituzten, eta joan den igandean Antzuolan ere emaitza bera errepikatu zen, 4-2ko emaitzarekin aurrera eginez. Final zortzirenetan Azkoitiaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Bestalde, Lazkao eta Zumarraga kanporatuta geratu dira. Lazkaok eta Amezketak Lazkaoko Joxemiel Barandiaran frontoian jokatu zituzten itzuliko partidak. Amezketan bezala, lazkaotarrak kadete mailako partidan bakarrik nagusitu ziren, eta 2-4ko emaitzarekin txapelketatik kanpo geratu dira.
Zumarragako taldeak ere ezin izan du gomazko paletako lehen kanporaketa gainditu, Tolosaren aurka. Joaneko partidak Zumarragan jokatu ziren, eta zumarragarrak bi eta bat nagusitu ziren. Hala ere, itzulikoan 2-1 galdu zuten, eta tolosarrek tanto gehiago egin zituztenez, hauek pasatu dira hurrengo fasera.
Erremintan, Olaberriak bikain ekin dio txapelketari, Azpeitiari bi partidak irabazita. Larruzko paletan Garrido-Soberonek 35-32 irabazi zieten azpeitiarrei, eta pala motzean Olaran eta Naldaiz 40-29 nagusitu ziren. Itzuliko partidak datorren asteburuan jokatuko dira Azpeitian.
Zaldibiak datorren asteburuan ekingo dio txapelketari final zortzirenetan, Albizturren aurka. Albizturrek Astigarraga gainditu du tanto aldeengatik. Joaneko partidak Mendikute frontoian jokatuko dira, eta itzulikoak Zaldibiako Restin, maiatzaren 22an.




