Kirolariak, Urretxuko Zatika Women taldeko kideak, 10 urterekin hasi zuen txirrindularitza ibilbidea. Gaur egun, irakasle oposizioak prestatzen ari da, kirolarekiko duen pasioa hezkuntzarekin uztartuz.
“"Txirrindularitzak nire nortasuna eraikitzen lagundu dit, eta gaur egun naizenaren zati bat horri esker da."
Kirol honek lagunak, konstantzia, diziplina eta helburuen alde borrokatzeko gaitasuna eman dizkiola adierazi du. Lehiaketako txirrindularitzak mentalki sendoagoa izaten ere erakutsi dio, emaitzak beti espero bezalakoak ez direnean.
Astean 15-20 ordu inguru ematen ditu bizikletaren gainean, entrenamendu desberdinak eginez, erresistentzia, intentsitatea eta indarra lantzeko. Horrez gain, gimnasioan ere indar entrenamenduak egiten ditu. Txirrindularitza kirol sakrifikatua dela onartzen du, entrenamenduaz gain, elikadura eta atsedena ere funtsezkoak baitira, eta horrek alderdi soziala sakrifikatzea eskatzen du.
Bere lasterketarik gogoangarrienak UCI mailako Eibarko sarian azken bi urteetan egindakoak izan dira, munduko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izan baitzuen. Horrek bere buruarengan konfiantza eman zion.
Epe motzeko helburuen artean, pare bat lasterketetara ahalik eta sasoirik onenean iristea du. Epe luzera begira, errendimendua hobetzen joatea du helburu nagusi, eta txirrindularitzaz gozatzen jarraitzea. Txirrindulari profesionala izatea du amets.
Txirrindularitzaz gain, lagunekin eta familiarekin planak egitea gustatzen zaio, eta musika entzutea, batez ere euskal musika. Hezkuntza arloan, Haur Hezkuntzako gradua 2025eko ekainean amaitu zuen, eta gaur egun oposizioak prestatzen eta ordezkapenak egiten ari da. Etorkizunean Lehen Hezkuntzako gradua edo master bat egitea du buruan, hezkuntza munduan lan egiteko bokazioa baitu. Herri txiki batean bizitzen ikusten du bere burua.




