Elustondo eta Turrientesen omenez hasi dira Loinatz jaiak Beasainen

Futbolari beasaindarrek Realarekin irabazitako Kopa eskaini diete herritarrei txupinazoaren aurretik.

Irudi generikoa: Bi futbolari gazte koparekin udaletxeko balkoian, herritarren aurrean.
IA

Irudi generikoa: Bi futbolari gazte koparekin udaletxeko balkoian, herritarren aurrean.

Beasainen hasi dira ofizialki Loinatz jaiak, txupinazo eta pregoiarekin, eta aurretik Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes futbolari beasaindarrei egindako harrerarekin.

Bi futbolariak, Realarekin iaz lortutako Espainiako Kopako garaikurra eskuetan zutela, Loinazko San Martin plazara iritsi ziren. Bertan, Beasain Kirol Elkarteko gazteen taldeetako jokalariek egin zieten pasabidea udaletxeko sarreraraino.
Udaletxeko batzar aretoan, Leire Artola alkateak egin die harrera, eta festetako zapiak jantzi eta oroigarri bana eman die Kepa Lasa Beasain KE-ko presidentearekin batera. Ondoren, udaletxeko balkoira atera eta kopa eskaini diete herritarrei.

"Aritz, eskerrik asko, beasaindar gazte guztientzat eta niretzat eredu bat zara, lehenengo taldean sartu nintzenetik asko lagundu didazu eta niretzat kristoren plazera izan da urte polit hauek bizitzea, partekatzea eta disfrutatzea."

Beñat Turrientes · Futbolaria

"Kristoren plazera da kopa zuei erakustea. Badakigu ze egun den gaur; zintzoak izan, ondo pasa eta gora Loinatz jaiak!"

Aritz Elustondo · Futbolaria
Jokalariek hitz batzuk esan ondoren, La Salle ikastetxeko ikasleek, beste ikastetxe batzuetako ordezkariez lagunduta, egin dute festei hasiera ofiziala emateko pregoia. Txupinazoa bota eta hasi dira jaiak, gaueko Mariren Jaitsierarekin festa lehertuko delarik.
Aritz Elustondo ez da Realean jarraituko, eta ekainaren 30ean utziko dio taldeko jokalari izateari, klubak ez baitio kontratua berrituko. Beasaingo ospakizunaz gain, igandean, maiatzaren 17an, Realaren eta Valentziaren arteko partidan, Anoetan, urre eta brillantezko intsignia emango dio klubak bere ibilbidea aitortzeko.