Judo Legazpi klubak antolatuta, Urbeltz pilotalekua Euskal Herriko, Errioxako, Kantabriako, Aragoiko eta Andorrako judoka gazteen topagune bihurtu zen. Txapelketa honen bosgarren edizioan, 35 klubetako 155 judoka lehiatu ziren, eta haien senide eta lagunekin batera, 400 pertsona baino gehiago bildu ziren kirol ekitaldi honen inguruan.
Martxoan kadete mailako txapelketa bat egin ondoren, oraingoa infantil mailakoa izan zen, 2012an eta 2013an jaiotakoentzat. Bertako judokek ere parte hartu zuten, eta emaitza nabarmenak lortu zituzten. Bi urrezko domina eta brontzezko bat eskuratu zituzten.
“"Dena oso ondo atera zen, eta jendea oso gustura geratu zen."
Klubeko arduradunak pozik agertu dira etxekoen emaitzekin eta txapelketaren antolaketarekin. Era berean, eskerrak eman dizkiete udalari Urbeltz erabiltzeko aukera emateagatik, baita babesle eta laguntzaile guztiei ere, hala nola Kukue eta Goiherri tabernei, Sustrai fruta dendari eta Aitxuri jatetxeari. Edizio arrakastatsu honen ondoren, hurrengoan dute begia jarrita dagoeneko.




