Lazkao Txiki omenduko dute 'Hitzetik Hortzera' saioaren denboraldi-amaieran

Bertsolaritza saioak Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki-ren jaiotzaren 100. urteurrena gogoratuko du bere azken saioan.

Euskal baserri tradizional bat paisaia berde baten aurrean.
IA

Euskal baserri tradizional bat paisaia berde baten aurrean.

Hitzetik Hortzera bertsolaritza saioak Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren jaiotzaren 100. urteurrena ospatuko du larunbatean, bere denboraldiko azken saioan.

Aurten bete dira 100 urte Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki jaio zela. Hura gogoratzeko, Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga elkartu ditu Hitzetik Hortzera saioak bere denboraldi-amaierako emankizunean. Gainera, Lazkaoko bertso bazkariko bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte.
Lazkaoko Gerriko Elkarteak urtero antolatzen du Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia. Aurten, bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, berezia izan da ospakizuna. Usarraldek eta Madariagak, elkarteko kideek, miresmenez gogoratzen dute Lazkao Txiki, eta haren figura oso presente dagoela diote Lazkaon, eguneroko elkarrizketetan haren bertso eta pasadizoak aipatzen baitira.
Saio berean, Lazkaoko bertso bazkariko pasarteak ere ikusi ahal izango dira. Bertan kantuan aritu ziren Aitor Sarriegi, June Aiestaran eta Nerea Elustondo. Horiez gain, Lazkao Txikiren beraren hainbat bertsoaldi ere emango dituzte, eta harekin batera kantuan aritutako Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Xabier Amuriza eta Xabier Euzkitze bezalako bertsolarien emanaldiak ere gogoratuko dira.
Emankizuna larunbat gauean izango da, 21:00etan.