Aurten bigarren edizioa izango du jaialdiak, iazko arrakastaren ondoren. Lehenengo ekitaldian, Gurutzalde auzoko eskolako horma-irudi bat margotu zuten artistek. Aurten, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako artistek parte hartuko dute, tartean Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako sortzaileak.
Andoni Ortizek, Aztarna Muralismoko kideak azaldu duenez, grafitiaren esentzia berreskuratu nahi dute, batez ere letrak lantzen dituzten artistei protagonismoa emanez, nahiz eta ilustrazio eta marrazki estiloak ere izango diren.
Jaialdiaren helburuetako bat grafitiaren inguruko aurreiritziak gainditzea da. Ortizek nabarmendu du grafitia ez dela nahitaez bandalismoarekin lotu behar, artista askok beren ingurua apaintzeko eta identitatea adierazteko erabiltzen baitute. Horregatik, Mila Koloredun Jaia herritar guztiei, bereziki umeei, zabalik egongo da, kaleko artea gertutik ezagutzeko eta sorkuntza artistikorako aukera berriak ezagutzeko.




