Lasterketaren bederatzigarren edizioa igande goizean izango da, iazko aldaketari eutsiz. Antolatzaileek aldaketa horren balorazio positiboa egin dute, eta aurten ere formatu berarekin jarraitzea erabaki dute.
Bi modalitate egongo dira aukeran: Trail edo lasterketa luzea, 25 kilometrokoa, eta Sprint edo lasterketa motza, 14,5 kilometrokoa. Lasterketa luzea 09:30ean hasiko da, eta motza ordu erdi beranduago. Ibilbidea iazkoaren berdina izango da.
Izen-ematea astelehenera arte egongo da zabalik, eta kronoak.com webgunearen bidez egin daiteke. Antolatzaileek 300 korrikalari inguru espero dituzte bi lasterketetan, iaz baino apur bat gutxiago, Maiatzaren Leheneko zubiaren eragina dela eta.
Dortsalak larunbat arratsaldean (18:30etik 20:00etara) eta igande goizean (08:00etatik 09:30era) banatuko dira. Antolatzaileek gomendatzen dute dortsalak larunbatean jasotzea, antolakuntza lanak errazteko. Korrikalarientzako opari poltsa bat ere prestatu dute.
Aurten ere, Segura, Zerain eta Mutiloako kintada jendetsuenari saria emango zaio, afari bat antolakuntzarekin. Gainera, iaz estreinatu zen gazteen saria ere mantenduko da, 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, lasterketa motza egiteko aukerarekin, heldu baten baimenarekin. Guztira 31 sari banatuko dira, Made in Segura zigilupean egindakoak.
Segura-Zerain mendi lasterketa Goierriko Koparako puntuagarria izango da. Antolatzaileek baieztatu dute Gabiriako Leharrei mendi lasterketan liderrak izan ziren lau korrikalariak Seguran izango direla. Lasterketan izena ematen duen korrikalari bakoitzeko euro 1 Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango zaio.




