LAB sindikatuak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ingeteam Indar Machines enpresan lan-hitzarmen berria lortu dute langileek, martxoaren 5ean hasitako mobilizazioen ondoren. Sindikatuak langileak zoriondu ditu egindako borrokagatik, eta azpimarratu du batasuna eta irmotasuna funtsezkoak izan direla zuzendaritzaren borondate falta gainditzeko.
“"Lanuzte eta grebek izandako jarraipen zabalari esker lortu da hitzarmen berria Ingeteam Indar Machines enpresan."
Mobilizazioak martxoaren 5ean hasi ziren, zuzendaritzak “ezinbestekoak diren zenbait edukiren gainean hitz egiteko borondate falta” zuela argudiatuz. Negoziaketen eta mobilizazioen ondoren, LABek adierazi du lortutako aurrerapen nagusiak erosahalmena berreskuratzea, enplegu politikako akordioa hobetzea, bajen osagarriak handitzea eta azpikontratetako baldintzak hobetzea izan direla. Hasieran zaila zirudien arren, zuzendaritza neurri horietan aurrera egitera behartu da.
Nahiz eta lanuzte eta greba egutegia apirilaren amaierara arte adostuta egon, zuzendaritzarekin akordio batera iritsi dira. Langileen asanbladaren gehiengoak hitzarmena sinatzearen alde egin du. LABen ustez, prozesua ez zegoen erabat agortuta eta “azken ahalegin batek enplegu politikako akordioa gehiago hobetzeko aukera eman zezakeela”, baina asanbladaren erabakia errespetatu eta lortutako aurrerapenak balioan jarri dituzte.
Sindikatuak adierazi du aurrera begira erronka izango dela egindako bideari jarraipena ematea, zintzilik geratu diren gaietan sakonduz eta helburu berrien alde borrokatuz. LABek konpromisoa hartu du bide horretan jarraitzeko.




