Eskualdeak eguzki eklipse oso bat behatzeko aukera izango du abuztuaren 12an, arratsaldeko 19:37an hasi eta 21:24an amaituko dena. Fenomeno astronomiko hau 20:32an iritsiko da bere puntu gorenera, eta iluntasun une maximoa 20:27an gertatuko da. Aketegi gailurrean, Goierriko punturik garaienean, eklipsearen une maximoa 20:28:01ean izango da.
Eklipseak eguzkia ortzi-mugan sartzen den unea hartuko du, beraz, mendebalderantz ikuspegi zabala duten lekuetatik ikusi ahal izango da ondoen. Gainera, abuztuaren 12ko gaua Pertseidetako meteoritoak, edo San Lorentzoren malkoak, hobeto ikusteko aproposa izango da, ilargi berria baita egun horretan, zeruko argi-fenomenoak argitasun gutxiagorekin hobeto ikustea ahalbidetuz.
Iluntasun osoaren uneak minutu bi eskas iraungo du (1:50 minutu) itzala ondoen egingo duen lekuetan. Goierri itzal-eremuaren mugan egongo da, hegoalderantz hedatuko baita itzalgunea. Horregatik, eklipse osoaren behaketa laburragoa izango da Goierrin, Euskal Herriko beste eskualde batzuetan baino. Adibidez, Lemniskata Goierriko zientzia elkarteko kideak Lerinera (Nafarroa) joango dira, han eguzkiaren itzalaldi osoak denbora bikoitza iraungo baitu.
Goierriren barruan ere, iraupenean aldea nabarituko da iparraldean edo hegoaldean. Legazpi, Zegama, Idiazabal eta Ataungo lurretan eklipse osoa ikusi ahal izango da; beste herrietan, berriz, partziala. Eguzkiak ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidea jarraituko du, Iberiar penintsularen ipar ertzean, A Coruña-Bilbo bitartea hartuko du ilunaldi zerrendak.
1912tik ez da halakorik gertatu munduaren alde honetan. Abuztuaren 12ko gertakariaren ondoren, hurrengo eguzki eklipse osoa ikusteko ez da hainbeste itxaron beharko: urtebete geroago, 2027ko abuztuaren 2an izango da berriz; eta eklipse anularra 2028ko urtarrilaren 26an.
Eklipsea ikusteko leku egokiena aurkitzeko, datorren ostegun-ostiraletan proba egin daiteke, eguzkiak iluntzean egiten duen bideari erreparatuta eta mendebalderantz begira. Izan ere, udako solstiziotik abuztuaren 12ra bitartean Lurrak aldatuko duen inklinazio berbera, solstiziotik atzerantz zenbatuta jakin daiteke. Horrenbestez, apirilaren 30-maiatzaren 1ean edukiko du Lurrak abuztuaren 12ko inklinazio berbera; hau da, eguzkiarekiko kokapen bera.




