Usurbilgo Udalak indarrean jarri ditu 2026. urterako onartutako zerga, tasa eta prezio publikoak. Horien artean, ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko epea maiatzaren 15etik uztailaren 1era bitartekoa izango da, borondatezko ordainketarako. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu du udalak iragarkia.
Udalbatzak aho batez onartu zituen behin betiko ordenantza fiskal berriak abenduaren 5ean, eta abenduaren 17an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Horrela, urtarrilaren 1ean jarri ziren indarrean urte berrirako zerga eta tasak. Hasiera batean azaroaren 27an aurreikusita zegoen behin betiko onespena, baina alegazioei erantzuteko denbora hartzeko atzeratu egin zen.
Udal gobernu taldearen arabera, ordenantza fiskalen helburua da diru-sarreren bidez herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, finantza oreka bermatuz. Era berean, "Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarrigoa eraikitzeko" bitarteko gisa ikusten dute.
2026rako zerga, tasa eta prezio publikoen igoera orokorra %3koa izango da, aurreko urteko KPIa erreferentziatzat hartuta. Hala ere, salbuespenak izango dira zenbait kasutan. Gainera, udalbatzak bi aldaketa txertatzea onartu zuen apirilaren 30ean: ikastaroetako prezioak eguneratzea eta ikastaro berri batzuetarako (skatea, OKI, indar entrenamendua eta entrenamendu funtzionala) prezio publiko berriak sortzea.
Erabaki horiek behin-behinean onartu ziren eta jendaurrean jarri dira azterketa eta erreklamazioak aurkezteko. 30 laneguneko epea zabalik dago hilaren 19tik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori iradokizunik gabe igarotzen bada, erabakiak behin betikoak izango dira.




