Gipuzkoa lurraldea konektatuago, kohesionatuago eta bizigarriagoa eraikitzeko ekimenak aitortzen ditu Aldundiak sari honen bidez. Kontseiluko kideek nabarmendu dute aitortza hau ez dela soilik nagusien kontseiluarentzat, baizik eta arrakala digitalaren ondorioz bidaiatzeko aukerarik izan ez duten adineko pertsona guztientzat. Izan ere, telefono bidezko erosketa-zerbitzuak arazo horri hein handi batean aurre egin diola adierazi dute.
Hobekuntza horiek lortzeko bidean, parte-hartzea sustatu dute eta herritarrei dei egin diete, proposamenak izanez gero, partekatzeko, etorkizunean Arrasaten zein Gipuzkoa osoan garraio publiko jasangarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin.
“"Visa txartelarekin ordaindu behar izatea muga bat da herritar nagusientzat, eta ez hain nagusientzat. Beraz, lortu behar duguna da, zuk tiketa erosten duzunean, Mugi txartelarekin ordaindu ahal izatea."
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak harrera ona egin diela aitortu dute, eta elkarlanean jarraituko dutela aurrerantzean. Telefono bidezko erosketa-zerbitzua aurrerapausoa den arren, oraindik hobetu beharreko gai garrantzitsu bat badagoela ikusten dute. Horrela, Visa txartelarekin ordaindu behar izatea muga bat dela adierazi dute, eta Mugi txartelarekin ordaintzeko aukera lortu behar dela.
Horrekin batera, autobusetako eta geltokietako koxkak edo mailak hobetu eta irisgarriago egitea ere bada kontseiluak Aldundiari egingo dion beste eskakizunetako bat. Bi erakundeen arteko harremana ona izanik, espero dute helburu hori ere lortzea.




