Gipuzkoa Taxi elkarteak Donostian taxi mugikortasuna errazteko aurkeztu zuen apirilean dTaxi aplikazioak arrakasta nabarmena izan du lehen hilabetean. Zerbitzuaren arduradunek egindako balantzearen arabera, 600 zerbitzu baino gehiago kudeatu dira dagoeneko, Radio Taxi Donosti ren bidez, eta Hernani eta Astigarraga bezalako bazkide laguntzaileak ere parte hartu dute fase pilotu honetan.
Zerbitzuaren erabiltzaileek, bereziki gazteenek, erosotasuna, erraztasuna eta azkartasuna balioetsi dituzte, batez ere telefono dei bat egitea zaila den egoeretan. Taxilariak ere pozik agertu dira zerbitzu berriarekin.
Aurreko datuekin batera, Gipuzkoa Taxi elkarteak berritasun bat iragarri du: oraindik Donostian bakarrik eskuragarri egongo den aukera bat, taxi erreserba aurreratuak zuzenean Whatsapp bidez egiteko aukera, Radio Taxi Donosti ren bitartez. Honek erabiltzaileei joan-etorriak aldez aurretik modu azkar eta erosoan kudeatzeko aukera emango die.
Gainera, proiektuak webgune informatibo bat ere badu, non interesdunek zerbitzuaren funtzionamendu zehatza kontsulta dezaketen, ohiko zalantzak argitu eta taxi bat eskatu ere egin dezaketen.




