Tokixan elkartea iazko irailean sortu zen, eskualdeko hainbat eragile eta instituzioren elkarlanaren emaitza gisa, elikagaien ekoizpenean, kontsumoan eta hornikuntzan eragiteko helburuarekin. Orain, ekoizpenaren arloa indartzeko eta ekoizle berriei bidea errazteko ikastaro bat antolatu dute Oñatin.
Tokixan da ekimen honen bultzatzaile nagusia, baina Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak, Ekintzakoopek (ekonomia sozial eraldatzailearen arlokoa) eta EHU k nahiz Mondragon Unibertsitateak ere parte hartuko dute proiektuan.
“"Ekintzailetza eta ekoizpen proiektu txikien sorrera sustatu nahi ditugu, eta horiek eredu kooperatiboan izatea bultzatu nahi dugu."
Ikastaroa etorkizunean proiektu agroekologikoak garatu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago. Eskualdeko herritarrek lehentasuna izango dute, baina eskualdetik kanpokoek ere parte hartu ahal izango dute, betiere ekoizpen proiektuak martxan jartzeko asmoa badute. Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, elikadura burujabetzan, agroekologian eta ekonomia sozialean sakonduz, eta agronomia arloa landuz. Praktikak eskualdeko baserrietan egingo dira.
Ikastaroa 2026ko azarotik 2027ko ekainera bitartean izango da, eta guztira 390 ordu izango ditu (160 teoriko eta 230 praktiko). Izena emateko epea apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean egongo da zabalik, tokixan.eus/formakuntza webgunean edo tokixan@tokixan.eus helbidera idatzita.
Ikastaroa amaitu ondoren ere, Tokixan proiektuak ikasleei jarraipena egingo die, 2027an martxan egotea aurreikusten duten test gune bat eta bestelako baliabideak eskainiz, hala nola lurra eskuratzeko edo makineria lortzeko laguntza. Eredu gisa Ipar Euskal Herriko Trebatu elkartea hartu dute.




