Eusko Jaurlaritzak azarora arte izango ditu zabalik ETEentzako Adimen Artifiziala (AA) eta zibersegurtasuna sustatzeko dirulaguntzen programak. Aurten, Euskadiko ETEentzako eraldaketa-programa horien aurrekontua 28 milioi eurora igo du Jaurlaritzak, 14 milioi euro bideratuz AA proiektuetara eta beste 14 milioi euro zibersegurtasunera.
Adimen Artifizialaren programa azaroaren 2ra arte egongo da irekita, eta Zibersegurtasun Industrialerarena hil horretako 23ra arte. Laguntzek proiektuaren gastu hautagarrien % 60ra arte estali ahal izango dute, enpresa bakoitzak gehienez 100.000 euro jaso ditzakeelarik.
Hazkunde hau Euskadiren ezkutu industrialaren neurrien paketearen barruan sartzen da, Ekialde Ertaineko gatazkak eragindako ondorioei aurre egiteko. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara.
Mikel Jauregi sailburuak gogorarazi zuen World Economic Forum txostenaren arabera, datozen 5 urteetan enpresen % 80k ezarriko du AA, eta horrek enpleguen % 40aren lan egiteko moduan eragina izango du.
Adimen Artifiziala 2026 programa Euskadin jarduera-zentroa duten eta AA beren prozesuetan sartu nahi duten industria-enpresei zuzenduta dago. Zibersegurtasun Industrialerako Programa, berriz, EAEko industria-sarearen lehiakortasuna bermatzeko, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eskaintzen ditu enpresaren barne-zibersegurtasuna hobetzeko eta produktuaren zibersegurtasun-proiektuei ekiteko.
Bi programa hauek Euskadi 2030 Industria Planaren lehentasunetako bat dira, eta helburua IRABAZI, HAZI eta JAUZI sektore estrategikoak indartzea da.




