Neguko hotz faltak eta bero handiak baldintzatuta, aurten sagarraren uzta desberdina dator eskualdeetan. Orokorrean, iaz baino uzta txikiagoa da, eta 1,5 milioi kg Euskal Sagar biltzea aurreikusten du Kontseilu arautzaileak. Sagarrak iaz baino azukre gehiago eta ur gutxiago dakar, bero handiagoa izan duelako nagusiki.
Sagarraren etorrera desberdina da lurraldeen arabera, gehiena Gipuzkoako Goierrin eta Arabako leku batzuetan kokatuz. Uzta gehiena eskuz bilduko da, bertako orografia eta klimak horretara bideratzen baitute. Hala ere, badaude eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak eta baita bertako sagastietara egokitutako sagar biltzeko makinak ere.
Sektorearen helburu nagusietako bat da uzta orekatzea eta sagar biltzeko modu berriak eta egokituak bilatzea datozen urteetan. Iazkoarekin alderatuta, sagar ale txikiagoa da aurten eta izaera handiko sagardoak espero dira.
Aitor Etxandia sagar teknikariak sektorearen proiektu nagusien berri eman du, besteak beste: bakanketa (lorea edo sagarra kentzea uzta orekatuagoak lortzeko), Geneva txertakak (bertako sagarrak txertatuz emaitzak aztertzeko) eta lurraren egoeraren garrantzia.
Datu guzti hauek Villabonako Otalarrea Sagasti esperimentalean azaldu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagastia dena. Bertan egiten dira azken urteetako esperimentazioetako asko. Kontseilu Arautzaileak ikerketa hauek beste herrialdeetako sagasti esperimentaletara eta sagasti pribatuetara zabaldu nahi ditu.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Maite Retolaza (Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakaria), Ainhoa Larrea (Euskal Sagardoa Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko Lehendakaria), Aitor Etxeandia (sagar teknikaria), Olatz Mitxelena (Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kidea), Joseba Aranburu (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko Zuzendaria), Nora Beltran de Otalora (Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea).
Malus Bi proiektua martxan jarri dute 2025 eta 2026 urteetarako, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko sagardo sektoreak eta eragileak bilduz, sagarraren, sagardoaren eta sagardotegien egoera aztertu eta etorkizunerako proiektu garrantzitsuak eta ibilbide orria zehazteko. Helburu nagusia kalitatezko sagarra sortzeko beharrezko proiektuak eta bitartekoak aurkitzea eta adostea izango da.
Sektorea lanean ari da sagarraren eta sagardoaren erreferentziazko kostu teorikoak osatzeko, eta datorren urterako kalkulatuta izatea aurreikusten da.
Euskal Sagardoaren barruan 500 hektarea sagasti inguru daude izena emanda, eta 48 sagardotegik hartzen dute sagar hau. Beste 166 hektarea produkzioan sartu berriak dira edo datozen urteetan sartuko dira. Sagasti berri gehienak Gipuzkoan jarri dira, Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Sektoreak eta administrazioak helburu bat zehaztu zuten: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia. Hala ere, sagasti zaharretan belaunaldi-errelebo falta nabarmentzen da, eta gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batera.
Nafarroa eta Iparraldeko sektoreekin bat eginda dago Jatorri Deitura, eta prozesua aurrera doa. Iparraldearen sarreraren zain dago Kontseilu Arautzailea, Europar Batasunaren erantzuna falta baita.
Jatorri Deiturak hiru proiektu estrategiko aurkeztu zituen 2021ean: Geneva txertaken erabilera, interpolinizazioa (sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna aztertzea) eta bakanketa. Horrez gain, lurraren lanketa eta osaketari gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak, eta horietatik 24 dira gehien erabiltzen direnak. Nafarroa eta Iparraldearen sarrerarekin, zerrenda 250 sagar motatara zabalduko da.
Astigarragan Sagar Uzta jaia izango da irailaren 27an, eta Igartubeiti Baserri Museoan Sagardo Astea urriaren 9tik 19ra. Bidasoa bailaran ere XXIV. Sagar Eguna ospatuko da irailaren 27an Ola sagardotegian.




