Gipuzkoako A-15 errepide zatia erabat itxita egongo da zirkulaziorako asteburu honetan, Belabietako tunelean kontrol sistema berria instalatzeko lanak direla eta. Itxiera ostiral gauean hasi zen eta igande goizera arte luzatuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, zehazki, itxiera maiatzaren 10eko igandea, goizeko 10:00ak arte luzatuko da bi noranzkoetan. Andoain noranzkoan, eragina Berastegiko lotunean hasiko da, eta Iruñea noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera ezarriko da mozketa.
Noranzko batean zein bestean bidaiatzen duten gidarientzat, ibilbide alternatiboak gaituko dira, hala nola N-I errepidea Etzegaratetik barrena, eta A-10 (Sakanako autobia). GI-2130 (Tolosa–Leitza) eta GI-2135 (Tolosa–Lekunberri) errepideak tokiko trafikora mugatuta egongo dira. Nolanahi ere, Foru Aldunditik jakinarazi dute desbideratzeak uneoro behar bezala seinaleztatuta egongo direla.
“"Esku-hartze hori beharrezkoa da intzidentzien kudeaketa eta erantzuna indartzeko."
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, jarduera horren helburua azpiegituraren segurtasun baldintzak hobetzea da, sistemak modernizatuz. Esparru horretan, Belabietako tuneleko segurtasun ekipamenduen kontrol sistema berri bat instalatuko da.




