Joan den asteburuan jokatu zen Larra-Belagua Enduro Race, Sustrails zirkuituko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Nafarroako Pirinioetako paisaia ikusgarrian eta bero handiko baldintzetan, Arauntza Riders taldeko hamazazpi riderrek parte hartu zuten proban, denboraldiko jardunaldi borobilenetako bat osatuz.
Hitzordu berezia izan zen taldearentzat, gainera, bertan egin baitzuen debuta denboraldi honetarako prestatutako ekipazio berriak. Estreinaldia ezin hobeto joan zen; izan ere, taldeak emaitza bikainak lortu zituen eta kolore berriak hainbat podiumetan ikusi ahal izan ziren.
Emakumeen kategorian, Azpeitiko Naroa Aranbarri nagusitu zen, eta garaipena eskuratu zuen. Elite mailan ere, Azpeitiko Gorka Iriartek hirugarren postu aipagarria lortu zuen. Gazteen artean, Danel Mugarza oñatiarra (Gipuzkoa) izan zen onena 18 urtez azpikoen kategorian.
E-bike kategorian, Pello Lazkoz gasteiztarrak hirugarren postua eskuratu zuen. Podiumetik oso gertu geratu ziren, berriz, Azpeitiko Markel Iriarte, laugarrena Elite kategorian, eta Asier Leon, laugarrena E-bike kategorian.
Podiumeko emaitzez harago, taldeko gainontzeko riderrek ere maila bikaina eman zuten, beroari eta Larra-Belaguako ibilbide zorrotzari aurre eginez. Emaitza hauek Arauntza Riders taldeak bizi duen une ona berresten dute, eta denboraldiko hurrengo hitzorduei begira motibazio handiz jarraitzen dutela erakutsi.




