Korronteak eta haizeak baldintzatu dute Santurtziko errioan jokatu den estropada. Euskotren ligako hamargarren jardunaldian, Orio lehen txandako buruan abiatu zen, eta itzuleran Zumaiari kalea irabazita, Donostiarrak baino bost segundo geroago heldu da helmugara, 13.45,20 denborarekin. Horrela, oriotarrek seigarren postuan bukatu dute estropada.
Bigarren txandan, Arraun Lagunak taldeak nagusitasunez irabazi du estropada, baldintza hobeak baliatuz, eta bere lidergoa sendotu du Euskotren ligan.
Gizonezkoen Eusko Label ligako traineruek baldintza hobeekin lehiatu dute, korronteak apaldu eta hirugarren txandan lehiatu diren eskualdeko ontziei mesede eginez. Orio txandako buruan hasi zen, baina Getariak eta Zierbenak gertutik jarraitu diote. Sailkapeneko liderrak abantaila zabaltzea lortu du eta ziabogetan ondo asmatuta, bandera irabazi du 19.39,42 denborarekin.
Arratsaldean, Pedreñan (Kantabria) jokatu zen KAE1 ligako estropadan, Orioko trainerua hamargarren sailkatu da, 21.47,18 denbora eginda.
Bihar, Lekeition (Bizkaia) jokatuko dute Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek asteburuko bigarren jardunaldia. KAE1 ligakoak, berriz, Santanderren (Kantabria) lehiatuko dira.




