Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, lehiaketak Teodoro Hernandorena Barandiaran (1898-1994) zizurkildarraren omenez du izena. Hernandorena, 1936ko gerraren ondoren Donibane Lohitzunera joan zen euskal politikari eta kulturgile nabarmena izan zen. Iparraldean ere kulturgintzan eta bertsolaritzaren sustapenean lan handia egin zuen, Mattin Treku eta Fernando Aire 'Xalbador' bezalako bertsolariak plazara ateraz.
Sariketa honek 25 urtetik beherako bertsolari gazteak ditu helburu, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagokan esperientzia hartzeko. Lehen edizioa duela hogei urte egin zen eta ordutik etengabe ospatu da.
Aurtengo edizioan hamabi bertsolari gaztek hartuko dute parte: Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize-Monjolose), Pagoa Bidart Hirigoien (Hazparne), Araitz Katarain Mugerza (Mallabia), Josu Txoperena Iribarren (Hendaia), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Danel Herrarte Nafarrete (Aramaio), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña), Irantzu Idoate Funosas (Hazparne), Sabin Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Johane Larre Salaberri (Baiona), June Aiestaran Iparragirre (Beasain) eta Izaro Bilbao Arostegi (Mungia).
Lehen sailkatze saioa larunbatean izango da, Pagolako Auzteia ostatuan, 19:00etan, eta bertan Nahia Etxeberri, Pagoa Bidart, Araitz Katarain, Josu Txoperena, Kattin Madariaga eta Danel Herrarte arituko dira. Aritz Bidegain izango da gai-emailea. Bigarren saioa apirilaren 24an egingo da Hendaiako Enbata gaztetxean, 19:30ean, eta finala maiatzaren 9an jokatuko da, Herri Urrats egunaren bezperan, Uztaritzeko Latsa gelan, 19:00etan. Mari Campistronek sortu du sariketa ilustratzen duen irudia.




