Berastegiko San Martin elizaren atzealdean dagoen 1.778 kiloko harri baldar erraldoiari tiraka arituko da Joseba Santxez gasteiztarra larunbatean. Garai batean idi-probetarako erabilia, eta geroztik gaztetxearen eta elkartearen arteko lehiak zein giza-talde baten eta idi pare baten artekoak izan dituen harria, gizaki bakar batek mugituko du aurten lehen aldiz. Erakustaldia eliza atariko aparkalekuan izango da.
Harri-tiran Euskal Herriko txapeldun izandakoak, irailaren 13an Leitzako Talo Egunean bi tona inguruko harria 1,44 metro mugitu zuen. Berastegiko erronkan, ordu erdi izango du harria ahalik eta gehien mugitzeko. Erronka hasi aurretik, epaileek harria pisatu eta lekua egokituko dute.
Santxezek berandu hasi zuen herri kirol mundua, Leitzara bizitzera joan zenean. Diziplina hau Gipuzkoan eta Nafarroan baino ohikoagoa izan da beti Bizkaian eta Araban. «Egoskorra naizenez, txapelketa eta apustu bana irabazteko helburua jarri nion nire buruari, eta hala egin nuen. Orain, marka berriak egitea da nire helburua», adierazi du.
Harri-tiran gorputza azkar husten dela eta giharrek energia galtzen dutela azaldu du. «Hasieran, amaieran baino errazago mugitzen dut harria. Hortaz, oso kontentu nengoke, hiruzpalau metro egingo banitu. Hala ere, eguneko giroak, gorputzaldiak, eguraldiak eta lurrak eragina izango dute». «Urduri bezain gogotsu» dagoela gaineratu du.
Diziplina honek «denbora eta pazientzia» eskatzen dituela nabarmendu du. Duela lau urte hasi zen harri handiei tiraka, tona bateko harri batekin. Lesio baten ondorioz, denbora batez geldirik egon behar izan zuen, baina pixkanaka gorputza diziplinarako egokitzen joan da. Azken urte eta erdian oso serio ari da entrenatzen, bere kabuz.
Arratsaldean, Behobia-Donostia distantzia egingo dute lokotxak biltzen: Mattin Intxaurrondo, Aiora Lasarte eta Olaia Garaiburu herritarrek. Intxaurrondok 100 lokotxeko bi ilara jasoko ditu, metroko distantzia tartean, guztira 200 lokotx. Lasartek eta Garaiburuk, bikotean, 75na lokotx bilduko dituzte, 90 minututik behera egiteko helburuarekin.
Bestalde, Iraitz Arruti Burnitxiki zarauztarrak, Josetxo Urrutiak eta Unai Urkiolak leitzarrak 113 kiloko harria jasoko dute. Ane Cestau barañaindarra eta Eider Durana gasteiztarra, berriz, 77 eta 79 kiloko harriak jasotzen ahaleginduko dira lehen aldiz plazara aterako dituztenak. Bost minutuko txanda izango du harri-jasotzaile bakoitzak.
Joseba Santxezek maiatzean proposatu zion erronka Iñigo Gorostarzu Etxorde antolatzaileari. Berastegiko Udalarekin elkarlanean antolatu dute ekitaldia, festa giroan. Porra bana egiteko aukera izango da, eta janari eta edari zerbitzua ere egongo da. Jesus Altuna kalea itxita egongo da, eta autoak eskola atarian aparkatu ahal izango dira.




