Zubiaurre Igeriketa Elkarteak 40 domina eskuratu ditu Gipuzkoako Txapelketetan

Klubeko kimuek, haurrek, juniorrek eta absolutuek emaitza bikainak lortu dituzte Gipuzkoako Udako Txapelketetan.

Ur lasaia igerileku batean, argiaren isla gainean.
IA

Ur lasaia igerileku batean, argiaren isla gainean.

Zubiaurre Igeriketa Elkarteko igerilariek 40 domina eskuratu dituzte guztira Gipuzkoako Udako Txapelketetan, klubeko kimuek, haurrek, juniorrek eta absolutuek parte hartu duten probetan.

Zubiaurre Igeriketa Elkarteko kideek 40 domina eskuratu dituzte guztira Gipuzkoako Udako Txapelketetan. Klubeko kimuek eta haurrek duela bi asteburu jokatu zituzten probak, eta joan den astean aritu ziren Bergaran (Gipuzkoa) juniorrak eta absolutuak. Maila horietako igerilariek hamalau domina lortu zituzten, eta kimuek zein haurrek, 26.
Juniorren eta absolutuen mailetan, Olaia Gaitanek, Aner Agirrezabalek eta Joritz Garatek eskuratu zituzten dominak. Gaitan bigarren sailkatu zen juniorretan eta hirugarren absolutuan 50 metro bizkar proban, baita 100 metro bizkar eta 50 metro librekoetan ere. Gainera, 100 metro librekoan brontzezko dominak lortu zituen bi mailetan. Agirrezabalek, berriz, junior mailako brontzea eskuratu zuen 100 metro libre eta 50 metro tximeleta probetan, eta 50 metro librekoan bigarren junior onena eta absolutuetan hirugarrena izan zen. Garatek, bere aldetik, zilarrezko bi domina jantzi zituen juniorren mailan: 50 eta 100 metro bular probetakoak.
Bestalde, erreleboetan ere lortu zituzten dominak juniorrek neska-mutiletan: 4x100 metro librekoan bai mutilen taldea, bai neskena, hirugarren sailkatu ziren; 4x100 estiloetan, berriz, zilarra eskuratu zuten neskek.
Kimuen eta haurren mailan, Zubiaurreko igerilariek maila oso ona erakutsi zuten, guztira 26 domina eskuratuz. Sailkapen bateratuan, mutilek hirugarren postua lortu zuten. Kimuen mailan, Elen Aldalurrek, Lia Arregik, Mara Hernandezek, Kaia Izagirrek, Ekaitz Urrutiak, Jon Larrañagak, Garder Juaristik, Joanes Oñederrak eta Galder Plazaolak eskuratu zituzten dominak; haurren mailan, Lide Ansolak, Larraitz Azkoitiak, Erik San Sebastianek eta Eneko Juaristik; eta erreleboetan, kimuen nahiz haurren mailako mutilek podiumera igotzea lortu zuten.