Azken asteetako beroak eta euri faltak eragindako ur eskasiak neurriak hartzera behartu ditu Ipar Euskal Herri osoan eta Bizkaiko kostaldean, zehazki, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko eskualdeetan. Neurri horien artean, igerileku pribatuak betetzea eta ibilgailuak zein gune pribatuak urarekin garbitzea debekatu dute.
Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Euskal Hirigune Elkargoak alerta gorria ezarri dute Ipar Euskal Herrian. Horrenbestez, uraren kontsumoa beharrezko jardueretara mugatu da. Errobi ibaia alerta azkartuan dago, eta Urdazuri eta Uhaitza errekak egoera kritikoan. Debekatuta dago 08:00etatik 20:00etara kanpoko eremuak ureztatzea edo garbitzea, eta igerileku pribatuak betetzea. Abeltzainek, berriz, ezinbestekoa denean bakarrik ureztatu ahal izango dute.
Bizkaian ere antzeko neurriak hartu ditu Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko eskualdeak hornitzen dituzten ibilguak "egiturazko eskasi egoeran" daudela adierazi du. Horregatik, eskualde horietako 21 udalerriri, tartean Bermeokoari, Busturikoari eta Ondarroakoari, ur kontsumoa murrizteko eskatu die.
Abeltzainentzat ere ondorio larriak ditu lehorteak. EHNEko lehendakari Garikoitz Nazabalek ohartarazi duenez, larreak "oso erreta" daude eta bildutako belarra aurreratuta ematen ari diete animaliei. Horrek negurako eta datorren udaberrirako belar faltari aurre egin beharko diela esan du. Gainera, bazka garestitu eta kalitate txarragokoa dela salatu du, eta erosketa publikoak edo laguntzak iradoki ditu.




