Amorebieta-Etxanoko udalak aldi baterako trafiko-aldaketak eta murrizketak iragarri ditu Karmen kaleko urbanizazio lanak direla eta. Aldaketak abuztuaren 10etik 18ra bitartean izango dira, eta eragina izango dute San Migel eta San Pedro kaleetan ere.
Plangintzaren arabera, abuztuaren 10etik 14ra eta 17an eta 18an, San Migel eta San Pedro kaleetan ibilgailuei txandaka emango zaie pasabidea, noranzko aldakorrean. Gainera, abuztuaren 10ean eta 11n, 08:00etatik 18:00etara, San Pedro kaletik Luis Urrengoetxea kalerako sarbidea itxita egongo da. Tarte horretan, inguruko garajeetarako sarbidea Ixerretik egin beharko da.
Abuztuaren 13ko 08:00etatik abuztuaren 14ko 18:00etara, Karmen kaletik Konbenio kalerako sarbidea itxita egongo da. Gregorio Mendibil eta Konbenio kaleetako bizilagunek euren garajeetara sartzeko, Gregorio Mendibil kalerako sarbidea San Juan kaletik erabiliko dute. Epe horretan, ezin izango da Enartzeko biribilgunetik Karmen kalera sartu, inguruko bizilagunak izan ezik. Era berean, Larreatik Luis Urrengoetxea kalerako sarbidea mugatuta egongo da, inguruko bizilagunentzat eta garajeetarako sarbidea izan ezik, eta nahitaezkoa izango da Ixerrerantz biratzea.
Udalak gogorarazi du plangintzak aldaketak izan ditzakeela eguraldiaren ondorioz. Eskerrak eman dizkie zornotzarrei aldaketa horiek sor ditzaketen eragozpenen aurrean erakutsitako ulermenagatik.
Lan hauek Karmen 2.0 proiektuaren parte dira, eta helburua Amorebieta-Etxanoko erdiguneko espazioa irisgarriagoa, jasangarriagoa eta pertsonen ongizatean oinarritutako ingurune bihurtzea da. Horrela, oinezkoen mugikortasuna hobetu, Zelaieta parkea, El Carmelo parkea eta Herriko Plaza lotu eta erdigune berdeago, seguruago eta atseginago bat sortu nahi da.




