Aurten ere, Bergarako Udala k 'Bergara Bizi' bonu-laguntzen deialdia egingo du. Laguntza hau 3 eta 18 urte arteko ikasleak dituzten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten familiei zuzenduta dago, eskola materialarekin lotutako gastuei aurre egiteko. Bonuak eskatzeko epea urriaren 1etik 20ra bitartean izango da, eta Udaleko B@Z arreta zerbitzuan egin beharko da.
Laguntzaren zenbatekoa ikaslearen adinaren arabera zehaztuko da. 2014 eta 2023 urteen artean jaiotako haur bakoitzeko 100 euroko bonua emango da. Gazteagoentzat, berriz, 2008 eta 2013 artean jaiotakoentzat, 150 eurokoa izango da.
Bonuak Bergarako saltokietan erabili beharko dira, haur eta gazteentzako eskola materiala erosteko. Zerrendan sartzen dira, besteak beste, arropa eta oinetakoak, kirol materiala, hiztegiak, motxilak, estutxeak, material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak. Bonuak erabiltzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 ezarri da.
Bonuak eskuratzeko, familiek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE), Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren (GLL) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren onuradun izan beharko dute. Gainera, laguntza jasoko duen ikaslearen gurasoetako batek gutxienez azken sei hilabeteetan etenik gabe Bergaran erroldatuta egon behar du.
Familiek 3 eta 18 urte bitarteko pertsonak izan beharko dituzte kargura, hau da, 2008 eta 2023 artean jaiotakoak. Derrigorrezko eskolaratze adina gainditu dutenek (2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoak) ikasten jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute, matrikula-ziurtagiria aurkeztuz. Halaber, ezinbestekoa da Bergarako Udalarekin zorrik ez izatea bonuak eskuratu ahal izateko.
Eskaerak Bergarako Udaleko B@Z Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, udaletxeko beheko solairuan, dagokion eskaera-dokumentua beteta. B@Z zerbitzuaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara; ostegunetan, 07:30etik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aurretik hitzordua hartzea gomendatzen da, hitzordua.bergara.eus webgunearen bidez edo 010 telefono zenbakira deituta (kanpotik 943 779 100).
Bonuak gastatzeko azken eguna 2026ko abenduaren 31 izango da, eta gastatutakoen justifikazioa aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 15ean amaituko da.




