Tokikomek aukera berria jarri du martxan aste honetatik aurrera: adimen artifizial bidezko testu sinplifikatuak. Euskara ikasten ari direnei edo irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei begira garatutako sistema hau, dagoeneko Tokikomen barruan dauden hedabideetako webguneetan martxan dauden beste aukerei gehitu zaie.
Orain arte, testuak ozen irakurtzeko eta titularra zein sarrera hainbat hizkuntzatara itzultzeko aukera zegoen. Orain, botoi bat sakatze soilarekin, edukia euskaraz sinplifikatuagoan irakurtzeko aukera izango dute irakurleek.
“"Kalitate maila altua duten testuak eskaintzen ditu, baina alboan beti joango da abisu bat, esanez akatsak izan ditzakeen sinplifikazio automatikoa dela."
Albisteak sinplifikatzeko, maila publikoan bederen, orain arte euskaraz egin den lehen garapena da Tokikomek abiatu duena. Sistema martxan jarri aurretik, Tokikomeko kazetariek testu lagin askoren ebaluazioak egin dituzte, sistema trebatu eta fintzeko. Aurretik, urtebeteko garapena dago Jesus Calleja kidearekin batera Etxegoienek prestatu duen sistemaren oinarrian.
Thierry Etxegoienek ohartarazi duenez, sinplifikazio automatizatua da eskaintzen den testua, gizaki baten gainbegiradarik gabekoa. Teknologiaren bilakaerari dagokionez, arauen araberako sinplifikaziotik datuetan oinarritutako metodora igaro da, eta orain, adimen artifizial sortzailearen bidez, eredu erraldoiak sortu dira, lagin gutxirekin ataza asko egiteko ahalmena dutenak.
Adimen artifizialek haluzinatzeko duten joera kontrolatzea izan da erronka nagusietako bat. "Sistema hauek oso ondo idazten dute, baina, batzuetan, ahazten zaie ataza, edo guztiz desbideratzen dira", azaldu du Etxegoienek. Kazetaritzaren alorrean, zehaztasuna mantentzea da helburu nagusia, jatorrizko testuaren informazio guztia modu errazagoan adieraziz, baina ezer galdu gabe.




