Soraluzen asfalto-lanak gaur, eta autobus zerbitzua etenda arratsaldean

Lersundi jauregiaren pareko errepidea hiru orduz itxita egongo da, eta horrek eragina izango du Eibarko noranzkoan doazen autobusetan.

Irudi generiko bat Soraluzeko plazan egiten ari diren asfalto-lanak erakusten dituena, hesiez eta konoisez inguratuta.
IA

Irudi generiko bat Soraluzeko plazan egiten ari diren asfalto-lanak erakusten dituena, hesiez eta konoisez inguratuta.

Soraluzen asfalto-lanak hasi zituzten joan den ostiralean eta bihar amaituko dira, baina gaur egingo dituzte zirkulazioan eragin handiena izango duten lanak.

Gaur arratsaldean, Lersundi jauregiaren pareko errepide zatia zolatuko dute, eta horrek errepidearen itxiera totala ekarriko du hiru orduz. Lan horiek direla eta, 15:00etatik 18:00etara ez da autobus zerbitzurik egongo Eibarko noranzkoan. Autobus geralekuetan ohartarazpenak jarri dituzte, eta autoz ere ezin izango da tarte horretan bertatik pasatu.
Bestalde, gaur bertan, Errekaldeko 36, 38 eta 40 etxebizitzetako garaje atarietan ere ari dira asfalto-lanak egiten. Bertako zulo batzuk partxeatuko dituztela adierazi du lanak egiten ari den Firmes Alaveses enpresak.
Joan den ostiralean, berriz, Ezozibideko errepide zatia asfaltatu zuten, industrialdetik biribilgunera heldu baino lehenagoko tartea.