Multzoen fasean, taldeak Wambrechies Loko ren aurka galdu zuen (16-13), baina nagusitasunez irabazi zion Saint-Denisi (21-8), final-laurdenetarako sailkatuz. Bertan, Smartlog Ointxek mendean hartu zuen Paris Basket 18 (18-15). Finalerdietan, ordea, Las Rozasen aurka galdu zuen (17-15), eta bi puntugatik geratu zen finalerako txartela eskuratu barik.
Ointxeko kideek emaitza nabarmendu dute: "Hirugarren postuak agerian utzi du taldearen maila ona eta denboraldi hasiera bikaina. Lehiaketa osoan erakutsitako jokoak eta emaitzek berresten dute Smartlog Ointxe emakumezkoen hiruko taldeak hazten jarraitzen duela eta denboraldi honetan helburu handietarako lehian egongo dela".
Taldearen hurrengo hitzordu garrantzitsua Bilbon izango da, ekainaren 13tik 14ra bitartean jokatuko den Bilbao Jokoan txapelketan. Nazioarteko hiruko zirkuituko hitzordu nagusietako bat da eta maila goreneko taldeak bilduko ditu, World Tour zein Women’s Series lehiaketetara sailkatzeko aukera emanez.
"Taldeak ilusio handiz ekingo dio erronka berri horri, Le Mansen lortutako emaitza bikainaren ondoren", adierazi dute Ointxetik.




