Palestinarekin Elkartasuna dinamikak manifestazioa antolatu du ekainaren 13an, Beasainen, CAF eko Akziodunen Batzarraren testuinguruan. Dinamikako hainbat kidek agerraldia egin dute CAFen lantegiko sarreran mobilizazioaren berri emateko.
Ekainaren 6tik 13ra bitartean, BDS mugimenduak ekintza aste globala deitu du CAFen egoitzen inguruan. Beasaingo mobilizazioaz gain, ekainaren 4an eta 12an Zornotzako AIC ikerketa gunean, ekainaren 6an Irunen eta ekainaren 10ean Castejonen (CAFen filiala den Trenasan) ere izango dira ekintzak.
Beasaingo manifestazioa ekainaren 13an, 12:00etan, Beasaingo plazatik abiatuko da. Dinamikaren arabera, helburua da “CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzea, bertan banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikustaraztea eta Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dela aldarrikatzea”.
Dinamikak salatu duenez, ia hiru urte igaro dira 2023ko urritik, eta genozidioaren areagotzeak ez du etenik, baina “genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasunak ere Euskal Herriko enpresari askoren eskuetan etenik ez” duela. Horien artean, CAF jarri dute jomugan, eta akziodunen batzarra baliatuko dute aldarriak kalera ateratzeko. Azaldu dutenez, CAFek Shapir enpresa israeldarrarekin negozioak egiten ditu, eta Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak ditu.
Palestinarekin Elkartasuna ren iritziz, CAFek “estatu genozidaren kolonizazio proiektua egonkortzen laguntzen” du, Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen dituelako. Gogora ekarri dute Nazio Batuen Erakundeak CAF okupazioari laguntzen dioten enpresen datu basean sartu zuela, eta zazpi erakundek salaketa jarri zutela Espainiako Fiskaltzan administrazio kontseiluaren aurka.
Eusko Jaurlaritzak CAFen akzioen %3a duenez, “Jaurlaritza ere CAFen kontratu kriminalen erantzulea” dela adierazi dute, batez ere “diru publikoarekin egiten duen heinean”. Horregatik, CAFeko Akziodunen Batzarraren aurrean egingo duten manifestaziora joateko deia luzatu dute.




