Gaur eguerdian, Durangon 300 lagunetik gora batu dira osasun publikoaren alde eta osasun-sistemaren "pribatizaziorako urratsak" salatzeko egindako manifestazioan. Durangaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, mobilizazioa udaletxeko plazan hasi eta alde zaharreko kaleak zeharkatu ondoren espezialitateetako anbulatorioaren ondoan amaitu da.
Bertan, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri duten agirian, Eusko Jaurlaritzaren politikak kritikatu dituzte, osasun-sistema "pribatizaziorantz" doala iritzita. Era berean, Zaldibar eta Elorrio moduko herrietan "mediku falta" dagoela salatu dute, eta baita "itxaron-zerrenda luzeak" daudela ere.
Antolatzaileen arabera, manifestazioan Durango, Iurreta, Berriz, Zornotza, Zaldibar, Elorrio eta hainbat herritatik etorritako 300 lagunetik gora batu dira.
Amaitzeko, ekainaren 26an Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute.




