Gazte askorentzat ez da ohikoa jostunbidea aukeratzea, baina Maialen Ballina k bere zaletasuna aurkitu zuen Aramaio n emandako ikastaro batean. "Ordutik ez naiz gelditu", adierazi du. Familiako tradizioak ere badu zerikusia, aitaren aldean beti egon baita jostunik, eta bere haurtzaroko arropa asko izebak jositakoak dira.
Joskintza eta rallyak bi mundu desberdin badira ere, Ballinak komunitate kutsua aurkitzen du bietan. "Rallyetan, adibidez, beti dago norbait laguntzeko prest, elkar laguntzen dugu. Joskintzan ere antzera gertatzen da; talde txikietan elkartzen gara, eta, nork bere proiektua izan arren, elkar zaindu eta babesten dugu", azaldu du.
Rallyetan gidariak hartzen du protagonismo nagusia, baina kopilotuaren lana ere garrantzitsua da. "Beti dago presioa, batez ere bide ezezagunetan, baina konfiantza da gakoa", dio Ballinak, bere burua "pertsona lasaia, gatazketatik ihes egiten duena" dela deskribatuz.
Josteko makina erabiltzeaz gain, "todoterrenoa" dela dio: "traktorea gidatu behar bada, prest; belarra moztu edo behorrak lekuz aldatu behar badira, ere bai". Herrikoia da, eta "oso jaizalea" ere bai.
Ez da geldirik egoten den pertsona bat. "Beti ari naiz planak egiten edo zerbaiten bueltan. Aspertzen banaiz, berehala konturatzen naiz ez nagoela gustura egoera horretan, eta zerbait bilatzen dut egiteko. Beti daukat zerbait josteko, etxean egiteko lanen bat edo sortzen den planen bat", dio.
Hemendik hamar urtera begira, Aramaio n bizitzen jarraitzea gustatuko litzaioke, bere ingurua mantenduz: "familia, lagunak eta gaur egun dudan bizimodua. Oso pozik bizi naiz, eta poztasun horrekin jarraitu nahiko nuke".
Autoko bolantea begiak itxita utziko liokeen pertsona bakarra bere aita litzateke, "hark sartu ninduen motor-munduan; harekin ikasi nuen gidatzen". Herriko pertsona zaharren bat ere aipatu du, umorez, "arrisku handia dute" esanez.




