Urte luzez Pentekoste jaiak hasierako gunea izan den San Martin plaza, aurten obrak direla eta, ezin izango da erabili. Hala ere, jai batzordea lanean aritu da jaietako elementu eta emozio nagusiak mantentzeko, eta bergararrek ohiko jai giroan gozatzeko aukera izango dute, beste atrezzo batekin bada ere.
Aurtengo jaiak maiatzaren 22an hasiko dira ofizialki, Oxirondo ko oholtza nagusitik. Bertan izango dira txupinazoa eta Bitorianatxoren jaitsiera. Bergarako Udalak azpimarratu duenez, Bitorianatxok ez du hutsik egingo, nahiz eta aurten bere ibilbidea ezohikoa izan. Santa Marinako kanpandorrean hasiko du bere bidaia eta Oxirondoko oholtzara iritsiko da, jaietako ekintza nagusiak mugitu behar izan direlako.
Txupinazoa ere berritasun batekin dator aurten: Lokatza Ziklismo Eskolak botako du, bere 50. urtemuga ospatzen ari baita. Ziklismo eskolako kide Martin Etxeberriak sorpresa eta esker ona adierazi die jai batzordeari eta Udalari ardura hori eskaintzeagatik.
Bitorianatxoren jaitsieran ere izango da berritasunik: aurten, 90 herritarrek 'Emozioen tirolina' ekintzari esker Bitorianatxo izateko aukera izango dute. Maiatzaren 26an izango da, eta 10 eta 16 urte bitartekoek zein 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko epea domeka baino lehen amaituko da www.bergara.eus atarian.




