Beroaldiak jarraitzen du, baina alerta mailak jaisten hasi dira

Asteazken eta ostegunean tenperatura altuek eta sute arriskuak jarraituko dute, ostegun iluntzetik aurrera freskatuz.

Beroaldi baten ikur den termometroa, zeru urdin argiaren eta Euskal Herriko muino berdeen aurrean.
IA

Beroaldi baten ikur den termometroa, zeru urdin argiaren eta Euskal Herriko muino berdeen aurrean.

Beroaldiak bere erdira heldu dela dirudi, baina tenperatura altuek eta sute arriskuak jarraituko dute asteazken eta ostegunean, ostegun iluntzetik aurrera nabarmen freskatuko den arren.

Beroaldiak bere erdira heldu dela dirudi, eta iragarritako abisu, alerta eta alarma ohartarazpenak murrizten doaz pixkanaka. Egunotan dozena bat inguruko abisuak izatetik, orain dozena erdi ingurura jaitsi dira aurreikuspenak.
Hala ere, bero sapa uxatu ezinik ibiliko gara oraindik asteazken eta ostegun honetan, ekainaren 24an eta 25ean hurrenez hurren. Asteburuko alerta laranjaren ondotik, alarma gorria ezarri zen aste hasieran. Atzotik alerta laranjan egon gara (eta alarma gorrian segitzen du Gipuzkoa barnealdean). Gaur ere alerta laranjan egongo ginela ohartarazi arren, berriz ere alarma gorriara igaro gara. Ostegun iluntzean freskatuko du nabarmen.
Ekainaren 24an, asteazkenean, alarma gorria izango da muturreko tenperatura oso altuengatik (Gipuzkoa barnealdean), 12:00etatik 20:00etara bitartean. Alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik izango da egun osoz, eta abisu horia baso sute arriskuagatik.
Ekainaren 25ean, ostegunean, alerta laranja tenperatura altu iraunkorragatik izango da egun osoz, eta abisu horia muturreko tenperatura oso altuengatik 12:00etatik 18:00etara bitartean. Egunaren amaieran, ostegun arratsalde eta gau partean, nabarmen freskatuko duela jakinarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Egunotan, Euskalmet meteorologia agentziak iragartzen duenez, 36 gradu inguruko tenperaturak izan ditzakegu. Gaurko gutxieneko tenperatura 25 gradukoa izango da. Bihar iluntzean hasiko da freskatzen, eta ostegun arratsaldean eta gauean tenperatura 20 gradutik behera jaitsi daiteke ordu gutxitan.
Asteazkenean, ekainaren 24an, giroa eguzkitsua izango da, arratsalde-gau partean erdi mailako eta goi-hodei batzuekin. Goizean hego-haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldera aldatuko da, tenperaturan aldaketarik edo igoera txikiarekin.
Ostegunean, hilaren 25ean, egunaren amaieran aldaketa nabarmena izango da. Zerua partez hodeitua egongo da, eta arratsaldean hodeiak ugarituko dira, zaparrada trumoitsuak bota ditzakeelarik. Haizea norabide aldakorrekoa eta ahula izango da, eguerditik aurrera ipar-mendebaldekoa nagusituz bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da, batez ere maximoak.
Ostiralean, zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da, goizaldean behe-hodeiekin eta arratsaldean bero-hodei batzuekin. Baliteke noizean behin zaparradaren bat egitea. Kostaldean brisa ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira, 25 graduren bueltan.