Ostiral iluntzean, Inpernupeko tabernako terraza jendez bete zen D'Capricho taldearen doinuak entzuteko. Taldeak Kubako eta Euskal Herriko musikak uztartzen ditu, eta Habanako Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpek osatzen dute. Ezagunak dira Euskal Herrian Kubako musika tradizionala euskarazko letrekin eta euskal poesiarekin nahasteagatik.
Datozen ekitaldiei dagokienez, bihar bertso saioa izango da Inpernupen. Bertan, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Bartra eta Jon Maia ariko dira kantan, Maddi Gallastegi gai jartzaileari erantzunez.
Inpernupe elkarteak antolatu duen 40. urteurreneko egitarauaren azken bi ekintzak datozen bi asteetan burutuko dira. Ekainaren 27an, Lierniren Omenezko II. Patata Tortilla Lehiaketa izango da, eta uztailaren 4an, berriz, egun osoko festa antolatu da ospakizunak borobiltzeko.




