Eusko Jaurlaritzak eguzki-eklipsea segurtasunez ikusteko gomendioak argitaratu ditu

2026ko abuztuaren 12ko eklipse partzial edo osoa Euskal Herrian ikusiko da, eta babes-neurri egokiak hartzea ezinbestekoa da.

Ilargiak Eguzkia estaltzen duen eguzki-eklipse baten irudikapen estilistikoa, Euskal Herriko arkitektura tradizionalaren arrastoekin.
IA

Ilargiak Eguzkia estaltzen duen eguzki-eklipse baten irudikapen estilistikoa, Euskal Herriko arkitektura tradizionalaren arrastoekin.

Eusko Jaurlaritzak eguzki-eklipseari buruzko informazio eta segurtasun neurri guztiak bildu ditu eklipsea.euskadi.eus webgunean, batez ere 2026ko abuztuaren 12an Euskal Herrian ikusiko den ekitaldi astronomikoari begira.

Webguneak azaltzen du eguzki-eklipsea zer den, zergatik gertatzen den eta zientziarako duen balioa. Gainera, hurrengo eklipseak noiz izango diren ere zehazten du. 2026ko abuztuaren 12ko eklipsea Euskal Herrian ikusiko da, eta kokapenaren arabera, partziala edo osoa izango da, iraupen desberdinekin.
Jaurlaritzak adierazi duenez, "aparteko momentua izango da egun horretakoa; praktikari begira, gure erkidegoko herritar gehienentzat errepikatuko ez den aukera, hain zuzen". Aurreikuspenen arabera, Ilargiak Eguzkia estaltzen 19:30 aldera hasiko da, osotasun-fasea 20:27an hasiko da, eta ordubete geroago zerua normaltasunera itzuliko da.

"Hunkitzeko eta eguneroko esperientzietatik aldentzen den gertaera bat lehen eskutik bizitzeko abagunea izango da, baina baita unibertsoan betetzen dugun tokia ulertzeko eta ezagutza zientifikoaren balioaz jabetzeko modua ere."

Eusko Jaurlaritza
Eklipsea segurtasunez behatzeko, ISO 12312-2 ziurtatutako betaurrekoak erabiltzea ezinbestekoa da. Hauek argi ikusgarriaren kopurua murrizten dute eta erradiazio infragorria eta ultramorea blokeatzen dituzte. Ohiko eguzkitako betaurrekoak (ISO 12312-1) ez dira seguruak Eguzkiari begiratzeko. Nahiz eta betaurreko ziurtatuak erabili, 45 segundo baino gehiago ez begiratzea gomendatzen da, atsedenaldiak eginez.
Osotasun-fasean, eklipsea begi hutsez ikus daiteke Ilargiak Eguzkia erabat estaltzen duenean, baina eguzki-argia berriz agertzean betaurreko babesleak jantzi behar dira berriro. Prismatikoak, teleskopioak edo argazki-kamerek argia kontzentratu egiten dutenez, arriskua are handiagoa da haiekin begiratuz gero. Tresna horietatik begiratzeko, eguzki-iragazki ziurtatuak dituzten eta adituek instalatutako tresnak baino ezin dira erabili.