Joan den martxoan hasi eta orain amaituta, Arrasateko Udalak Etxezarreta parkean egindako lanak ospatzeko egitarau berezia antolatu du gaur, igandea. Goizean zehar hainbat ekintza egin dira, eta eguraldiak lagunduta, Arruenatik abiatu eta parkera arteko ibilaldia egin dute parte hartu nahi izan dutenek.
Parkera iritsitakoan, Pello Garai, Arrasateko Udaleko Landa Inguruneko teknikaria, eta Iñaki Garmendia, botanikaria, arduratu dira bisita gidatuaz. Garaik parkearen historia eta udalak egindako esku-hartzeak azaldu ditu, eta Garmendiak natura-gune berrian jarritako landareei buruz hitz egin du.
Horrez gain, Txatxilipurdi elkarteak umeentzako jolas-gunea zabaldu du. Bisita gidatua eta jolasak amaitu ostean, eguerdiko hamaraketan, Arrasate Musikaleko Konboak kontzertua eskaini du parkearen erdialdean.
“"Eremu honek hamaika erabilera mota izango ditu. Izan daiteke ikastetxeetatik hona etortzeko hiruhileko amaierako txangoetan, Txatxilipurdin egiten ditugun ekimenetarako erabili ahal izango dugun espazio oso aproposa da, eta nik uste dut aisialdian arrasatearrentzako ere espazio on bat izan daitekeela, babesleku klimatiko bat egun beroenetarako."
Iñaki Telleriak, Txatxilipurdi elkarteko antolatzaileak, parkean egin daitezkeen jarduera posibleen inguruan hausnartu du, espazio hau aisialdirako eta egun beroetarako babesleku klimatiko gisa baloratuz.




