Burdinola Hockey Klubaren balorazioa oso positiboa izan da txapelketaren amaieran. Taldeak adierazi duenez, "txapelketa oso ondo bukatu dugu, bai emaitzen aldetik eta baita jokoari dagokionez ere". Hala ere, gutxigatik geratu ziren finalerdietarako sailkatzen diren lau talde onenen artean, lehen partiduan etxeko taldearen aurka jasotako porrotak helburu hori asko zaildu baitzuen.
Lehen neurketan, Burdinolak Arandaren aurka 5-3 galdu zuen. Bigarren partidan, ordea, erreakzio bikaina erakutsi zuen Gadexen aurrean, 6-3 irabazita. Hasiera ez zen samurra izan, lehen hamar minutuetan hiru gol jaso baitzituzten bergararrek. Hala ere, taldeak lanean jarraitu zuen eta neurketako hurrengo sei golak bere alde erori ziren.
Hirugarren partidan, Fenix izan zen nagusi eta 15-6 gailendu zitzaion Burdinari. Taldearen esanetan, "ez genuen gure maila erakutsi eta ez genuen ondo jokatu". Txapelketako azken bi neurketak bosgarren postua erabakitzeko izan ziren.
Lehenengoan, Castellbisbalen aurka, 5-4 irabazi zuten partida oso lehiatu batean. Garaipenaren gola neurketa amaitzeko 32 segundo falta iritsi zen. Azken partidan, berriz, Saguntoren aurka 5-3 nagusitu zen Burdinola. Bergarako taldeak neurketa kontrolpean izan zuen hasieratik amaierara, eta ez zion aurkariari aukerarik eman.




